Usuario:Aintzane Diaz/Taller

Sarrera

editar

Txertoa prestaketa biologiko bat da, gaixotasun baten aurrean immunitate hartua aktibatzen duena. Normalean, eritasun zehatz bat eragiten duen mikroorganismoaren antzeko agente batez osatuta dago, antigeno moduan ere ezagutua. Antigenoa hiru motakoa izan daiteke: indargabetuta edo hilda dagoen mikrobioa, horrek ekoiztutako toxina bat edo gainazalean duen proteina bat. Antigenoak immunitate-sistema aktibatzen du infektatutako organismoan, gorputz arrotz baten moduan identifikatuz eta horren aurkako antigorputz espezifikoak ekoiztuz. Honela, etorkizunean infekzio berdina pairatuz gero gorputza gai izango da modu azkar batean mikrobio arrotza ezagutzeko eta suntsitzeko. Txertoak profilaktikoak (gaitza gertatu baino lehen erabiltzen direnak) edo terapeutikoak (minbiziaren aurkakoak, adibidez) izan daitezke.

Txertoak jartzeari txertaketa edo txertatzea deritzo. Gaur egun, txertaketa da gaixotasun infekziosoak saihesteko metodorik eraginkorrena; are gehiago, txertaketa masiboei zor diegu munduan zehar hainbat gaitz infekzioso desagertu izana (baztanga, esaterako), baita beste hainbaten maiztasuna gutxitu izana ere, hala nola, amorru, poliomielitis edo tetanos-arena. Azken hamarkadetatik hona txertoen eraginkortasuna modu zabal batean ikertu eta egiaztatu izan da; horien artean daude influenzaren txertoa, HPV-ren txertoa eta barizelaren txertoa. Munduko Osasun Erakundearen esanetan, txertoak jada hogeita bost infekzio saiheskari desberdinetarako daude baimenduta eta eskuragarri.